Bilduma Digitalak
La pesadilla roja izenburupean, Donostiako Zinemaldiak ziklo bat antolatu zuen 1996an, zinemako mintzamolde antikomunista berrikusteko asmoz. Zinemagintza desberdinetan ardaztutako bi programatan bilbatzen zen proposamena; bi amesgaizto, kolore berberarekin margotuta. Batak, McCarthy senatariarenak, Gerra Hotzaren garaiko zinemagintza estatubatuarrari buruz egiten zuen hausnarketa. Eta besteak, Franco jeneralarenak, Gerra Zibila hasi eta hirurogei urtera, diktadura frankistaren aldian Espainian landutako film-ekoizpenaren zati bat hartzen zuen aintzat. “Garai orok eraikitzen ditu bere aurriak, eta bere zaharkinekin batera bizi ohi da” zioen Manuel Vázquez Montalbánek Espainia ardatz zuen programari laguntzeko Carlos F. Heredero kritikariak idatzi zuen liburuaren hitzaurrean. Hitz horiekin mugarritzen zituen proposamenaren inguruko azter-lerroak: aurriak eta zaharkinak, historia eta oraina.
Hamar filmek osatu zuten frankismoaren garaiko zinemagintza antikomunistari buruzko saioa. Paradoxikoki 1953ko edizioan Zinemaldiaren historiako lehendabiziko film onenaren irabazlea izan zen Rafael Gil izan zen pelikula gehien ekarri zituen zuzendaria: La señora de Fátima (1951), non hiru artzain-haur ustekabean harrapatzen dituen Ama Birjinaren agerpenek mezu antikomunista nabariekin; Murió hace quince años (1954), umetan Sobietar Batasunean hezitako espainiar baten bizitzan eta misio politiko zail bat betetzeko Espainiara itzultzea ardatz duen melodrama; eta El canto del gallo (1955), komunismoaren pean dagoen herrialde batean jazarrita bizi den apaiz baten beldurrari buruzkoa. Zikloaren osagai izan ziren, halaber, Rojo y negro (1942) eta Raza (1941) filmak, 40ko hamarkadan egindako bakarrak programaren baitan. Lehena Carlos Arévalok zuzendu zuen, eta ikuskera falangista argia zuen arren, Francoren erregimenak debekatu egin zuen estreinatu eta hiru astera, protagonista errepublikanoaren ikuspegi gizatiar samarra eskaintzen zuelako, eta Espainiako Filmotekak aurkitu eta zaharberritu egin zuen 1996an. Bestea, Franco jeneralak berak idatzi eta Jose Luis Sáenz de Herediak zuzendua, garaiko zinema patriotiko nazionalaren eredu bihurtu zen. Zikloari buruzko mahai-inguru batean, erregimenaren mito ideologikoetako bi identifikatzen zituen F. Herederok lan horietan: horda frankisten borroka askatzailearena eta kanpoko etsaiak setiatzen zuen leku oparoarena. Irudiak, diktaduraren ikuspegiaren arabera landuta, funtsezko tresna izan ziren errealitate propioa itxuratzeko.
“Frankismoak eraiki zuen guztia hondamendi material edo izpirituaren hondamendi modura jaio zen, dela arlo politikoan, dela kulturalean; sistema totalitario oro bezala, frankismoa ere edozein memoria eta edozein desio mota usurpatzen zuen jokamolde-proposamen oso bat izaten saiatu zelako”, zioen aurrerago Vázquez Montalbánek hitzaurrean. Artxiboaren zaintzapean dagoen zikloaren kartelak azaltzen du ideia. “La pesadilla roja” letra gorri-gorritan, marrazkiaren eta zikloaren erdigunean, hondotik bereizia bere inklinazio eta itzalaz. “Del general Franco” azpian, letra xehez eta zuriz, XX. mendeko diktadoreen erregimenen mamu erkide baten agerkaria Espainian. Eta koadroaren beheko kantoian zokoratuta, ezkerrerantz izututa begiratzen duen bikotea: esparrutik kanpo, arriskua zelatan.
Pilar Olascoaga Zinemaldiko idazkari nagusiak Moskutik bidalitako postala (1989) Donostia Zinemaldiaren artxiboa [+]
Lola Flores aktore eta abeslaria sari bat jasotzen uso-tiro txapelketan (1954) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]
Hans Alfredson zuzendari eta aktoreak Antonio Garmendia eta Angel Otaeguiren heriotza epaien ostean Zinemaldian parte hartzeari uko egiteko gutuna (1975) Donostia Zinemaldiaren artxiboa [+]
“Volver a nacer” eta “Harry d’Abbadie d’Arrast” atzera begirakoei buruzko programazioaren barne-dokumentua (1990) Donostia Zinemaldiaren artxiboa [+]
Zinemaldiaren zuzendaritzari elkarrizketa 1968ko 16. edizioaren aurretik (1968) Donostia Zinemaldiaren artxiboa [+]
Luis Gascak Jorge Luis Borgesi idatzitako gutuna “Literatura Latinoamerikarra eta Zinema” mahai-inguruan parte hartzeko (1981) Donostia Zinemaldiaren artxiboa [+]
Gina Lollobrigida aktorea Procinor banatzaileari Emakumezko interpretazio onenaren Donostia Saria ematen “A Woman Under the Influence” filmarengatik (1975) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]
Josefa Flores González aktorea, artistikoki Marisol edo Pepa Flores bezala ezaguna, María Cristina Hotelean (1960) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]
Anne Bancroft Victoria Eugenia Antzokiko palkoetan, “The Miracle Worker” (Arthur Penn) filmaren aurkezpenean (1962) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]
Nelly Kaplanek gutuna bidali zion Francisco Ferrerri zinemaldirako gonbidapenari buruz
(1962) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]
Josefina Molinaren gutuna Zinemaldiaren antolakuntzari (1978) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]
Diego Galanen gutuna Jafar Panahi zinema zuzendariari (1998) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]