Zinemaldia trantsizioan

Donostia Zinemaldia aldaketaren urteetan (1976-1985)

1975. urtean Franco hil zenean, Donostiako Zinemaldian bere historiako aldirik zirraragarri eta gorabeheratsuenetako bat bizi izan zen: esperimentazioa eta demokratizazioa izan ziren hamarkada horretako bereizgarri, baina baita desegonkortasun sakona ere.

Erakusketa hau Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa proiektuaren lantaldeak prestatu du, eta urte horietan izandako hainbat haustura aztertzen dituzte, Donostia Zinemaldiaren eta Kutxa Fototekaren artxiboan gordeta zeuden argazkien bitartez.

1976ko Zinemaldi nahasian, Guardia Zibilak Josu Zabala amnistiaren aldeko manifestaria erail izanagatik egin ziren protesten testuinguruan, argi geratu zen ezinezkoa zela Zinemaldia ohi bezala egiten jarraitzea; izan ere, ia hiru hamarkadaz frankismoaren pean egon ondoren, fosilizatua zirudien. 1977tik aurrera, Zinemaldiaren kudeaketa Donostiako hiriaren esku geratu zen, eta Zuzendaritza Batzordean ahots berriak sartu ziren: Nestor Basterretxea edo Eduardo Chillida artista antifrankistak, auzo elkarte eta zineklubetako ordezkariak, eta Zinemaldiaren biziraupenerako buru-belarri jardun zuten Jose Angel Herrero-Velarde edo Luis Gasca.

Urte horietan, frankismoaren ondorioz erbesteratu eta zentsuratutako zinemagileen topaleku eta omenaldi bihurtu zen Donostia. Zinemaldiak ordura arteko tradizio elitista urratu eta emanaldiak demokratizatu zituen; horretarako, Euskal Herri osoko herrietara eta langile auzoetara eraman zituen proiekzioak eta solasaldiak, Auzoak eta Herriak sailaren bitartez.  Kode estetiko eta politiko berriak iritsi ziren pantailetara, sortzaile berrien programazioarekin, hala nola Iván Zulueta edo Pedro Almodóvar. Lengoaia berrien alde egin zuen jaialdiak, ekimen aitzindarien bitartez; esate baterako, Guadalupe Echevarriak 1982. urtetik 1984. urtera sortu eta zuzendu zuen Festival Video ekimenaren bitartez. Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, zinema aretoak une hartako borroken erresonantzia kutxa bihurtu ziren, euskal gatazkarekin hasi eta intsumisioaren mugimenduarekin bukatu, tartean izanik Latinoamerikako diktaduren salaketak eta kolektibo feministen eta LGTBIQ+en aldarrikapenak.

1980. urtean, FIAPF Zinema Ekoizleen Nazioarteko Federazioak akreditazio gorena kendu zion Donostiari, eta 1985. urtera arte ez zuen berreskuratzea lortu. Aldi horretako kontakizunean «galera» hori nabarmendu izan den arren, erakusketa honen helburua beste bat da: aldaketa urte horiek une erabakigarritzat hartzea, gaur egungo Donostia Zinemaldiaren ezaugarri askoren oinarri.

Zinemaldia 70 proiektua Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatu dute, honako hauen laguntzarekin: Kutxa Fundazioa, Tabakalera eta Euskadiko Filmategia. Babeslea: Estatuko Loteriak eta Apustuak.

Komisariotza eta ikerketa: Pablo La Parra Pérez eta Irati Crespo Manjarrés.
Dokumentazioa eta katalogazioa: Ana E. Redondo, Arantxa Giga, Andrea Sánchez eta Lorena Soria.

Erakusketa hau Kutxa Fundazioak, Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak koproduzitu zuten. Aurkezpen birtualerako egokitua