Zinemaldia trantsizioan: Donostia Zinemaldia aldaketaren urteetan
Erakusketa
Kutxa Kultur Plaza (Donostia-San Sebastián)
2021/12/16
| 2022/02/20

1975ean Franco hil ondoren, Donostia Zinemaldiak historiako aldi sutsu eta asaldatuenetako bat igaro zuen: esperimentazioak eta demokratizazioak markatu zuten hamarkada, baina baita ezegonkortasun sakonak ere.

Erakusketa Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren lantaldeak garatu du eta urte horietako haustura batzuei erreparatzen die Donostia Zinemaldiaren artxiboan eta Kutxatekan gordetako argazkien bidez.

1976ko edizio asaldatuan –Josu Zabala, amnistiaren aldeko manifestaria, Guardia Zibilaren esku hil ondoren egindako protestek markatu zuten– argi geratu zen Zinemaldia ezin zela modu tradizionalean egiten jarraitu, frankismopean ia hiru hamarkada fosilduta eman ondoren. 1977tik aurrera, Zinemaldiaren kudeaketa Donostiako hiriaren esku geratu zen eta Zuzendaritza Batzordeak ahots berriak bildu zituen: Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillida artista antifrankistak, auzo-elkarteen eta zinekluben ordezkariak eta Zinemaldiaren biziraupena bermatzeko buru-belarri lanean aritu ziren pertsonak, hala nola José Ángel Herrero-Velarde eta Luis Gasca.

Urte horietan, frankismoak erbesteratutako eta zentsuratutako zinemagileen topagune eta omenaldi bihurtu zen Donostia. Zinemaldiak bere tradizio elitista hautsi zuen eta bere audientziak demokratizatu zituen; izan ere, bere proiekzio eta solasaldiak Euskadi osoko langile-auzo eta udalerrietara zabaldu zituen «Auzoak eta Herriak» sailaren bitartez.  Pantailetan kode estetiko eta politiko berria hauteman zen Iván Zulueta, Pedro Almodóvar eta beste sortzaile berri batzuen programazioarekin. Sariketak hizkuntza berrien aldeko apustua egin zuen, ekimen aitzindarien bidez; tartean, Guadalupe Echevarriak sortu eta zuzendutako Festival Video (1982-1984). Hori guztia, zinema-aretoak abian ziren borroken erresonantzia-kutxa bihurtzen ziren bitartean gertatzen ari zen: euskal gatazka, intsumisioaren mugimendua, Latinoamerikako diktadurak salatzea, eta LGTBIQ+ kolektiboaren eta feministen aldarrikapenak.

1980an, Zinemako Ekoizleen Nazioarteko Federazioak bere akreditazio gorena kendu zion Donostiari, eta 1985 arte ez zuen berreskuratu. Denboraldi horretaz hitz egitean «galera» hura azpimarratzen den arren, erakusketa honen helburua beste bat da: aldaketaren urte horiek egungo Donostia Zinemaldiaren ezaugarri askoren oinarriak ezarri ziren une erabakigarri gisa pentsatzera animatzea.

Komisariotza eta ikerketa: Pablo La Parra Pérez eta Irati Crespo Manjarrés.
Dokumentazioa eta katalogazioa: Ana E. Redondo, Arantxa Giga, Andrea Sánchez eta Lorena Soria.

Estekak

Irudiak