Umbracle : hiru zentsura-eszena Donostia Zinemaldian (1960-1971)
Mintegia
Tabakalera (Donostia-San Sebastián)
2020/12/04

Itzalpea itzalean dagoen tokia da, eta bertan, eguzki-argiaren berotan, landareak hazten dira. Itzalpe, katalanez, umbracle da. Eta umbracle izena du ere Pere Portabellak 1972an modu klandestinoan filmatu zuen filmak; hots, irudikapen zinematografikoaren mekanismo formalen ikerketa bat eta zentsura frankistaren aurkako oihu erradikal bat.

2019-2020 ikasturtean, Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren ikertzaile taldea –Elías Querejeta Zine Eskolako ikertzaileek eta ikasleek osatzen dute– Donostia Zinemaldiaren historiaren itzal nagusietako batean murgildu da: Zinemaldiak zentsura frankistaren mekanismoekin izan zuen erlazio konplexua. Erregimenaren nazioarteko erakusleiho gisa, nolabaiteko tutoretzapeko irekierako espazio bat izan zen Zinemaldia: urteak igaro ziren Zinemaldiko programako film batzuk pantaila komertzialera iritsi arte. Nolanahi ere, hain zuzen ere bere garrantzi estrategikoagatik, barruan egin ziren zenbait kontrol-eragiketak, gobernuaren zentsuraren prozedura arruntei jarraitu ez ezik, batzuetan, prozedurok askoz ere harago eraman zituzten.

Zinemaldia 70 proiektuaren bigarren jardunaldi publiko honetan, ikertzaile taldeak, Donostia Zinemaldiaren artxiboko eta beste bilduma batzuetako dokumentuak –horietako asko argitaragabeak– oinarri hartuta, egindako lanaren ondorioak aurkeztuko dira. Hiru zentsura-eszena aztertuko dituzte: 1960an egin zen Zinema Ikasleen Lehen Topaketaren inguruan egon zen polemika, 1968an programatu zen New American Cinema atzera begirakoak izan zituen arazoak eta 1971ko edizio tirabiratsua, Canciones para después de una guerra (Basilio Martín Patino, 1971) eta Liberxina 90 (Carles Duran, 1970) filmen debekuak markatutakoa.

Artxiboa irekitzea, itzalpeko esperientziak erdi-ikusteko. Portabellaren filmean noraezean dabilen Christopher Lee bezala, diktaduraren azken hamarkada markatu zuen pultsuaren arrastoekin, anbiguotasunekin eta xehetasunekin ere egingo dugu topo: esan eta ikus zitekeenaren mugak handitzeko ahaleginak eta autoritarismo frankistak inposatu zituen muga zorrotzak.

Egitaraua

  • 16:30: Aurkezpena. Pablo La Parra Pérez (Elías Querejeta Zine Eskola/Donostia Zinemaldia).
  • 16:45: "1960: Zinematografia Eskolen I. Topaketa". Marcela Hinojosa eta Noemi Cuetos (Elías Querejeta Zine Eskola).
  • 17:15: "1968: New American Cinema". Diego Ginartes eta Irati Crespo (Elías Querejeta Zine Eskola).
  • 18:00: "1971: Canciones para después de una guerratik Liberxina 90ra". Pablo La Parra Pérez (Elías Querejeta Zine Eskola/Donostia Zinemaldia).
  • 19:00: Emanaldia: Canciones para después de una guerra (Basilio Martín Patino, 1971, 99’).
Play Video
Play Video
Marcela Hinojosa eta Noemi Cuetos
Play Video
Diego Ginartes eta Irati Crespo
Play Video
Pablo La Parra Pérez

Irudiak