Lehen urratsak. Donostiako Zinemaldiaren historia bisualari buruzko beste begirada batzuk
Erakusketa
Kutxa Kultur Plaza (Donostia-San Sebastián)
2021/02/24
| 2021/02/25

2020ko urrian, Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren ikerketa-taldeak, Zinemaldiaren artxiboan eta Kutxateka bilduman gordetako materialetan oinarrituta, Donostia Zinemaldiko argazkien irudikapenari buruzko kontserbazio-, katalogazio- eta ikerketa-lanak egiten hasi zen. Erakusketak momentuan lantzen ari diren lan horien lehen ondorioak biltzen ditu eta 50 urte baino gehiago dituzten argazkietan finkatzen da (1953tik, Zinemaldia sortu zenetik, 1970era arte). Hortaz, Zinemaldiaren lehen urratsak dira, baina baita horren historia bisualari buruzko ikerketa kritikoaren lehen urratsak ere.

Tradizioz, Zinemaldiaren urte hauetako iruditeria irudi-errepertorio oso txiki batekin eratu izan da: zuzendari bikainen erretratatuak leku ospetsuetan, zinemako izarrak alfonbra gorrian pausatuak, famatuak festa esklusiboetan parte hartzen.

Gure taldearen helburua bestelakoa izan da: nagusi den iruditeria horretatik kanpora begiratzea, beste begirada batzuk eraikitzea ahalbidetuko duten argazkien bila. Hogeita hamar argazkiko hautaketa honekin, Zinemaldiko narratiba klasikoetan oharkabean igaro diren politika-, genero- eta klase-tentsioak erakustea proposatzen dugu.

Alde batetik, zinemako izarren irudikapen tradizionaletik haratago, erakusketa Zinemaldiaren foku mediatikotik urrun zeuden edo zinemako historia nagusiek alde batera utzitako posizio profesionaletan lan egin zuten emakumeetan ardazten da. Sail Ofizialean lehiatu ziren lehen hiru zinemagileetatik hasi eta kazetariak, programatzaileak, langileak edota ekoizleak erakusten ditu. Era berean, aukeraketak star zinematografikoak komunikabideen kontsumo- eta miresmen-objektu bihurtzeko mekanismoak ere aztertzen ditu.

Bestalde, erakusketak alfonbra gorriaren kanpoan izaten zenari jartzen dio arreta, Zinemaldiak pizten zuen ikusminaren eta ekitaldi ofizial gehienen esklusibotasun eta elitismoaren artean sortzen ziren muga sozial eta sinbolikoen inguruan hausnartuz. Zinemaldian bertan eta hortik kanpoan gertatzen denari buruzko hausnarketa horren bidez, erakusketak, gainera, diktadura frankistak lehiaketan izan zuen presentziaz eta erregimenaren nazioarteko erakusleiho gisa erabili izanaz galdegiten du, baina baita Zinemaldiaren esparruan ireki ziren askatasun-zirrikituez ere.

2020-2021eko Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren ikerketa-taldea izan da erakusketaren komisarioa; Pablo La Parra Pérez da taldeko zuzendaria eta eta EQZEko ikasle Amaranta Díaz, Ekhiñe Etxeberria, Laida Mendia, Pablo Lillo eta Oderay Ponce de León partaideak.

Estekak

  • Donostiako Zinemaldiaren historia bisualari buruzko beste begirada batzuk (1953-1970)

Irudiak