Inoiz kontatu ez den istorio bat: Luis García Berlangaren eta Donostia Zinemaldiaren arteko harremana
Historiak, 8 
(2022)
Luis García Berlanga zuzendaria Francisco Javier Martín aktorearekin

Luis García Berlangaren jaiotzaren mendeurrena dela eta egiten ari diren ospakizunen harira, gauza jakinen eremuan sartuko ginateke besterik gabe pentsatuko bagenu Donostia Zinemaldiak lagundu zuela Valentziako zuzendariaren zinema zabaltzen, eta eragina izan zuela Espainiako zinemako figura handienetako bat sendotzen.

Egia esateko, baina, Zinemaldiak ez zuen inoiz Berlanga Sail Ofizialean programatu. Ez lehiaketako filmak bide burokratikoetatik aukeratzen zirenean –50eko eta 60ko hamarkadetan nazioarteko zinema-jaialdien zirkuitu osoan gertatu ohi zenez, herrialde bakoitzak proposatzen zituenean bere zinematografiaren adierazgarri ziren filmak–; ezta aurrerago ere, programatzailearen figura hedatu zenean, nahiz eta Zinemaldiak zuzendaritza artistiko ezberdinak izan zituen.

Berlangaren filmen nazioarteko zirkulazioa eta, ziurrenik, gaur egungo nazioarteko aintzatespena nagusiki bi jaialdiri zor diogu: Cannesekoari eta Veneziakoari. ¡Bienvenido, Mister Marshall! (1953), Plácido (1961), ¡Vivan los novios! (1970) eta Patrimonio nacional (1981) Kosta Urdinean ikusi ahal ziren lehenbiziko aldiz. Calabuch (1956) eta El verdugo (1963), ordea, kanalen hirian lehiatu ziren, eta , hurrenez hurren, jaso zituzten Zinemaren Nazioarteko Bulego Katolikoaren Sari Nagusia eta FIPRESCI Saria, kazetari zinematografikoen nazioarteko elkarteak ematen duena.

Atzerriko zinema-jaialdietan egin zituen lehen bi estreinaldien garaian, Donostia Zinemaldiak erregimenaren aldeko obrak programatu ohi zituen lehiaketan parte hartzen zuten film espainiarren kupoan, Rafael Gilen La guerra de Dios eta Ladislao Vajdaren Carne de horca, kasu. 1960ko hamarkadatik aurrera, Berlangak bere latak zinema-jaialdietan zirkulatzen eta nazioartekotzen jarraitzen zuen bitartean, Donostia Zinemaldiak oso bestelako estrategia bat erabili zuen Sail Ofizialeko zinema espainiarra hautatzeko, Frankismoaren instantzia gorenen aginduei jarraikiz, José María García Escudero militarra buru zuena: Espainiako Zinema Berria operazioa. Administrazioak abian zuen zuriketa-prozesuaren errematea baino ez zen, atzerrian irekitasun-irudia emateko erabili zuen amarru bat, sistematikoki kontrolatuta baitzegoen.

1955. urteko Salamancako Elkarrizketen protagonistetako bat izan zen García Escudero, non ezarri baitzituzten, gerora, 1962an, Zinema eta Antzerkiko zuzendari nagusi zenean, Mendebaldeak diktaduraren irudi atseginagoa izateko hartu behar izan zituen erabaki askoren oinarriak. Esate baterako, erabaki horietako bat izan zen Espainiako zinemaren berrikuntza industriala eta estetikoa Zinema Eskola Ofizialeko (EOC) ikasleek egingo zutelako ustea –Berlangak uko egin zion topaketa hartako ondorioak sinatzeari eta erabakiak babesteari–.

Kontrolatu egin behar zen Zinema-eskola –ministro-kontseiluan «gorrien habia» deitu zutena, Asier Aranzubia ikerlariak gogoratzen duenez–, eta, aldi berean, estrategikoki, diruz lagundu. Zinemagile askok araudi berria eta Administrazioaren interes berezia baliatu zuten euren filmetan «disidentzia» txertatzeko, baina metaforen bidez ezkutatuta beti. Horren adibide argi bat da La caza filmaren narratiba alegorikoa, Saurarena, EOCko graduatua bera. Han ikasi zuten, halaber, zinema-labealdi berriko kideek, besteak beste, Patinok, Eceizak, Ericek, Egeak eta Regueirok. Nazioarteko zinema-jaialdietan parte hartzen hasi ziren heinean, Espainiako zinemaren adierazgarri nagusi bihurtu ziren Donostia Zinemaldian.

Izan ere, Zuzendaritza Nagusiaren ustez, errazagoa zen film inkonformista horiek kontrolatzea «ezkutuko mezuak» zituzten komedia kostunbrista arrakastatsuak baino; gainera, horien zirkulazioak kanpo-estrategia politiko eta ekonomiko gisa balio zuen. Hala, Berlanga, Bardem eta beste zinemagile batzuen lanak erabat eta sistematikoki baztertu zituzten edozer ofizialki ordezkatzetik. Traba egiten zieten kritika politiko-sozialez beteriko komedia kostunbristak zirelako eta, aldi berean, ez zutelako laguntzen erregimenaren irekitasun-helburuetan, inolako ustezko berrikuntza estetikoren parte ez zirenez gero.

Zinemaldiaren eta Berlangaren tirabiren artean, nagusiki programazioarekin lotutakoak, gertakari harrigarri bat aipatu behar da. 1960ko uztailaren 6tik 9ra, Zinema Eskolen Nazioarteko I. Jardunaldiak egin ziren Donostia Zinemaldiaren esparruan eta Antonio de Zulueta Bessonen zuzendaritzapean. Saioetan Espainiako, Frantziako, Mexikoko, Poloniako, Herbehereetako, Italiako, Belgikako eta Japoniako ordezkariak bildu ziren.

Zinemaldiaren aldizkariak jaso zuenez, Espainiako ordezkaritzaren programak barne hartu zituen «eskola-praktikak» eta film «profesionalak», hala nola Berlangaren ¡Bienvenido, Mister Marshall!, Donostian lehenbizikoz proiektatu zena Cannesen estreinatu eta zazpi urtera. Horrekin batera eman ziren Miguel Picazoren Habitación de alquiler, Basilio Martín Patinoren Tarde de domingo, Francisco Prósperren El señorito Ramírez, Manuel Summersen El viejecito eta José Luis Borauren En el río.

Luis García Berlangak Francisco Ferrer Monreal Zinemaldiko zuzendariari bidalitako gutuna (1961eko ekainaren 23a). Donostia Zinemaldiaren artxiboa

Zinema Ikerketen eta Esperientzien Institutuko (IIEC) lehen graduatu gisa gonbidatu zuten Berlanga, eta, bere film klasikoa aurkezteaz eta elkarrizketa sutsuetan parte hartzeaz gain, hitzaldi bat eman zuen: «Audiencia Pública sobre el Cine Español». Azken egunean egindako esku-hartze batean, eskatu zuen ondorioetan ager zedila bere iradokizun bat: etorkizunean, jardunaldietara eskoletako ikasle ohiak gonbidatzea eta ikasleen arteko topaketak lehiaketak ez izatea.

Noemí Cuetosek eta Marcela Hinojosak, «Zinemaldia 70: historia posible guztiak» proiektuaren markoan Donostia Zinemaldiaren artxiboko dokumentuak baliatuta burutu zuten Zinema Eskolen Nazioarteko I. Jardunaldiei buruzko ikerketaren arabera, saio horien amaierak ondorioak izan zituen bai zinema-jaialdiaren barruan bai kanpoan.

Atsedenaldietako baten ostean, Espainiako ordezkaritzak bigarren hitzaldi bat idatzi eta eman zuen, erregimeneko zenbait kazetariren parte-hartze desegokien ondorioz. Hitzaldi horretan, ikasle batzuek, bereziki Basilio Martín Patinok, Antxon Eceizak eta Joaquín Jordák, sutsuki eta xehetasunez zehaztu zituzten lana eragozten zieten zentsura mota guztiak, nola diplomatikoa hala Sindikatu Bertikalak aplikatutakoa.

Zinemaldiaren zortzigarren edizioa amaitu eta hilabete batzuetara, Antonio de Zulueta zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen. Ikerketan azaldu dutenez, lehen jardunaldietako zalapartak eragin handia izan zuen haietan parte hartu zuen García Escuderok zentsura-kode berri bat onartzeko 1963an. Erreformak bazituen zatitxo posibilista batzuk, EOCko ikasleei zinema-industriara sartzen laguntzeko, aipatutako Espainiako Zinema Berria operazioa sustatuz (eta kontrolatuz), Salamancako Elkarrizketek aurreikusitakoari jarraikiz –hain zuzen ere, Berlangak sinatu nahi izan ez zituen elkarrizketako ondorioak, zenbait erabakik zuzenean estaliko zutelako zinema egiteko bere modua–.

Zinemaldiko artxiboan duela gutxi aurkitu diren eskuz idatzitako gutunek berresten dutenez, Berlangak ez zuen onartu 1961. urtean egin ziren Zinema Eskolen Nazioarteko II. Jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena, Antonio de Zuluetak utzitako kargua hartu zuen Francisco Ferrer Monrealen zaintzapean egin zirenak (Victoria Eugenia Antzokiko administratzailea zen). Dena den, Zinemaldiko hurrengo ediziotara etortzen jarraitu zuen gonbidatu orokor gisa.

Diktadorea hil eta gero, Zinemaldiak Berlanga berreskuratu zuen 1977ko Sail «Informatiboan» (egungo Perlak Sailaren genesia izan zena), Tamaño natural (1974) filmarekin. 
Azken parte-hartze horretatik berrogeita lau urte igaro direnean, Donostia Zinemaldiak omenaldia egin nahi dio bere mendeurrenean Esa pareja feliz (1951), Juan Antonio Bardemekin batera zuzendua, eta La muerte y el leñador (1962) film berrituen saio bikoitz batekin.

Klasikoak Sailaren programazioaren bitartez, proiekzioek inolaz ere erreparazio historikoa lortu ezin badute ere, Zinemaldiak balio hain handiko pasarte hau berreskuratu nahi izan du, era kritikoan hausnartu dezagun Espainiako zinemaren historian garrantzi ukaezina izan duen zinemagile baten eta zinema-jaialdiaren arteko harremanaz (edo harremanik ezaz).