«Ghetto zoragarri bat». Donostia Zinemaldiko Emakumeek Zuzendutako Zinema-Zikloa (1978) prentsaren bidez deskubritzen
Historiak, 4 
(2022)
"Emakumeek egindako zinema" sailaren mahai-ingurua. Ezkerretik eskuinera: Herta Álvarez, Giuliana Berlinguer, Mirentxu Loyarte, Pilar Miró, Cecilia Bartolomé, Márta Mészáros, Larisa Shepitko eta bere itzultzailea (Foto Gallego, 1978). Kutxateka

Espainiako Estatuko trantsizioan aldaketa garrantzitsu ugari gertatu ziren, nola esparru politikoan hala arlo sozial eta kulturalean. Eta, kontuan izanik 1953an sortu zela, Donostia Zinemaldiak ere aldaketak izan zituen garai hartan, jakina. Olatu berritzaile hori 1976an iritsi zen Donostia Zinemaldira, sail, jarduera eta proposamen berri gisa hezurmamitua.

1978an, aldaketa horien ondorioz, «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» saila sortu zen. Donostiako Emakumeen Batzarreko kideek proposatu eta antolatu zuten sail hori.[1] Batzarreko kide gehienak ez zeuden espezializatuta zinema feministan, baina euren idealak zabaltzea asko interesatzen zitzaien, eta kasu batzuetan aldizkari espezializatuen bidez bakarrik ezagutzen zituzten filmetan islatuta ikusten zituzten ideal horiek. Batzarra, bere agenda feminista gizarteratzea ahalbidetuko zion zinema-sail bat antolatzeko asmoz, beste herrialde batzuetan zinema-esparruan aktibo zeuden emakumeekin harremanetan jartzen hasi zen, eta kideek, hala, euren interes eta kezken arabera programazioa osatzeko lagungarria izango zitzaien sare bat osatu zuten. Donostia Zinemaldiak proposamena jaso eta babesa eman zien. Sailak 25 film egin zituen hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan artean, besteak beste, Chantal Akerman, Cecilia Bartolomé, Giuliana Berlinguer, Anja Breien, Liliana Cavani, Věra Chytilová, Liliane de Kermadec, Paula Delsol, Marguerite Duras, Giovanna Gagliardo, Nelly Kaplan, Gunnel Lindblom, Mirentxu Loyarte, Márta Mészáros, Pilar Miró, Yuli Raizman, Marie-Geneviève Ripeau, Helke Sander, Coline Serreau, Larisa Shepitko, Helena Solberg-Ladd, Agnès Varda eta emakumezko beste hainbat zinemagilek zuzendutako 25 filmez osatuta egon zen saila, eta zinemagile horietako zenbaitzuk Zinemaldira bertaratu ziren. Emanaldiez gain, zikloak beste jarduera batzuk ere izan zituen, hala nola mintzaldiak, topaketak eta eztabaidak. Zinema feministari buruzko sailarekin batera egindako proposamen horietako zenbaitzuk nobedadeak izan ziren Zinemaldirako, baita beste batzuk ere, hala nola haurtzaindegi baten sorkuntza. Emanaldi gehienak Gros auzo donostiarrean kokatuta zeuden eta gaur egun desagertuta dauden Savoy zinema-aretoetan egin ziren.

"Emakumeek egindako zinema" sailaren mahai-ingurua. Ezkerretik eskuinera: Herta Álvarez, Giuliana Berlinguer, Mirentxu Loyarte, Pilar Miró, Cecilia Bartolomé, Márta Mészáros, Larisa Shepitko eta bere itzultzailea (Foto Gallego, 1978). Kutxateka

«Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» sailak 1978ko prentsan zer-nolako harrera izan zuen jakiteak aukera ematen digu sail horrek ikus-entzuleen artean izandako harrera eta erreakzioak testuinguruan kokatzeko.[2] Donostia Zinemaldiko artxiboko prentsa-funtsaren azterketan sail berri horren berri ematen zuten tokiko hedabideak eta Estatuko hedabideen euskal edizioak aztertu dira, hala nola DeiaEginEl Diario VascoLa Gaceta del NorteLa voz de España eta Unidad. Estatuko komunikabideei gagozkiela, hauek analizatu dira: AjoblancoAvuiBlanco y negroBoletín del Secretariado Nacional de la Comisión Episcopal de Medios de Comunicación SocialCambio 16ChissCinema 2002, Diario 16El AlcázarEl Diario de LeónFotogramasLa CalleLa Hoja del LunesLa VanguardiaLa voz de GaliciaNuevo LPPantallas y EspectáculosReseñaSábado GráficoTriunfoVida nuevaYa eta Yes. Azkenik, Zinemaldiaren artxiboan nazioarteko komunikabideetan egindako erreseinak ere ageri dira, hala nola hauetan: ANSA (Agenzia Nazionale Stampa Associata)ClarínCorriere della SeraDer TagesspiegelFilm FrançaisFilmFrankfurt Aligemeine ZeitungIl MattinoIl tempoJeune CinemaLa Depeche du MidiL’unitàPese SeraScreen InternationalThe Sunday Times eta Variety; horiek ere aztertu dira. Egia da zikloak hedabideetan izan zuen eragina handiagoa izan zela toki-esparruan, baina estatuko eta nazioarteko egunkari eta aldizkarietan ere jarraipen nabarmengarria lortu zuen nolanahi ere. Zineman espezializatutako prentsak zein prentsa jeneralistak sailari buruzko informazioa eman zuten programazio-artikuluen, albisteen, elkarrizketen, iritzi-artikuluen eta irudien bidez. 

Donostia Zinemaldiaren 1978ko edizioa asko kritikatu zuten komunikabide akreditatuek. Filmen hautaketa ez zitzaien gustatu, baina zinema feministaren programari balorazio positiboak eman zitzaizkion, hein handi batean. Izan ere, Zinemaldiaren beste atal batzuekin oso kritikoak izan ziren artikuluetako zenbaitzuetan nabarmendu egin zen sail hori baliotsua izan zela eta ondo antolatuta zegoela. Sariketaren balantzea egiterakoan, prentsa espezializatuak bereziki nabarmendu zuen emanaldietan akats teknikoak gertatu zirela, film jakin batzuk programatu izana kritikatzeaz gain, urte horretan bertan beste zinema-jaialdi batzuetan jada eman zirela argudiatuta; sail paralelo gehiegi zeudela ere gaitzetsi zen. Pantallas y Espectáculos argitalpenean, kasu baterako, Pascual Cebolladak –erregimen frankistatik gertuko kritikari ezagun batek– honako hau adierazi zuen: 

Sail garrantzitsuetako film gehienak txarrak izan dira, film gehiegi jaso ditu programak, eta programa ez zegoen ongi antolatuta; antolaketa eskasa izan du jaialdiak, harreman publikoek huts egin dute, eragiketarik gabekoa zen merkatua, prentsa diskriminatu egin da (beste urte batzuetan baino askoz gutxiago hartu du parte), eta pertsona famatu gutxi egon dira; «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» izan da ondoen atera dena, baina hor ere akatsak egon dira. 

Beste argitalpen espezializatu batzuek –hala nola Fotogramas aldizkariak–, «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» sailaren antolaketa goraipatu zuten. Maruja Torresek –Zinemaldiko saila horri aldizkari horretarako estaldura eman zion kazetarietako batek–, honako hau azpimarratu zuen: 

Zinemaldiko sailik onena, hobekien antolatua –behinik behin–, «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» izan da. Izan ere, ez du infernuko hirukoteak eraman, feministek baizik, eta ahalegin handia egin dute feministek erakutsi nahi zutena atsegingarria izan zedin. Lortu dute euren xedea.[3]

P.1978.ESP.A-Z prentsaren txostena, Donostia Zinemaldiaren Artxiboa
P.1978.ESP.A-Z prentsaren txostena, Donostia Zinemaldiaren Artxiboa

Zenbait komunikabidek zalantzan jarri zuten zinema feministako sail bat sortzeko ideia, baita nazioarteko jaialdietan emakumeen beste ziklo batzuk existitzen ote ziren ere. Horri dagokionez, eztabaida publikoa emakumeek zuzendutako filmen ziklo espezifiko bat existitzearen alde on eta txarretan funtsatu zen. Sailaren aurkako kritika batzuk bereziki lotsagabeak izan ziren, hala nola Cinema 2002 hilabetekarian argitaratutakoa: 

Ni, feminista baino, femeninoa naiz, eta ez ditut oso ondo ulertzen emakumea munduaren erdigunean –emakumea nola iturri hala objektu bihurtzen duen leku horretan– ipintzen duten film horiek. Zinema feminista etiketa bat da, kastitate-gerriko moduko bat, bere kondizioa historiaurre zinematografiko batera eramango duena, eta denbora igaro ahala zaila izango zaio historiaurre horretatik ihes egitea. Nik, emakume hawkstarrak nahiago ditut boterea hartzen dutenak baino, ez dut oso ondo ulertzen emakumeek zuzendutako film gehienetan arnasten den gutxiagotasun-konplexu hori; horrek manikeismoa dakar nolabait, non gizona gaiztoa den eta emakumeak dohakabeak, non gizona otsoa den eta emakumeak Txanogorritxoak. Baina ez, ez dute estepako otsoekin oheratu nahi, baizik eta bizeps zabalak, bular trinkoak eta buztan izugarriak dituzten otsoekin.[4]

Adibide horrek agerian uzten du gizonezko kritikariek zuten boterea: halako diskurtsoak baimenduta zeuden horrelako pentsamenduak babesten zituen gizarte baten komunikabideetan zabaldu ohi zirelako. Agerikoa da feminismoa arriskutsutzat jotzen zutela pribilegio jakin batzuk beretu zituztenek, eta, horrenbestez, mugimendu hori gutxietsi eta barregarri utzi behar zela, mota horretako aktibismoari buruzko iruzkinak egin zituzten beste argitalpen batzuetan gertatzen zen bezala.[5] Eta hori guztia, halaber, horrelako kasuetan erabiltzen zen erretorika sexuala ahaztu gabe: generoen arteko harremanak nolakoak ziren agerian geratzen zen. 

Prentsan argitaratutako testu askok, halaber, begirada androzentrikoa –hots, ikuspegi maskulinoa ardatz zuena– adierazten zuten. Eta horren adibide gisa, oso-oso ohikoa zen emakume zuzendarien izenarekin batera bikotekidearen izena ipintzea, eta, hala, zera iradokitzea, emakume batek zinemagintzan izandako ibilbidearen garrantzia lotuta zegoela bere bikotekidearekiko harremanaren aintzatespenarekin; hala, emakume zuzendariei merezimenduak kentzen zitzaizkion. Askotariko jokabideen bidez azaleratzen zituzten halako pentsamoldeak, hala nola emakume zuzendari bat aipatzeko «urliaren emaztea» erabiltzea, edo elkarrizketak egitean galdetzea «senarrak» influentziarik izan ote zuen eurengan. Horren adierazgarri, erreportaje hau bera dugu, non Márta Mészárosek bere pelikulen aurkezpenean esandakoak ere jasotzen baitira.[6] Prentsaurreko horretan, zinemagile hungariarrari «bere senarrak» –Miklós Jancsó zinemagileak– beretzat zenbaterainoko garrantzia izan zuen galdetu zioten, eta Mészarosek hau erantzun zuen: «Berari estilo sinbolikoa interesatzen zaio, politikoa; nire istorioen erdigunean, berriz, gizakia eta giza jarrerak daude».[7]

Bestalde, «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» sailari estaldura eman zioten zenbait hedabideren joera editorialak labur-labur aztertzen baditugu –kontuan izan behar da, nolanahi ere, beti ez dela erraza egunkariak eta egunkarietako kazetariak joera ideologiko jakinetan kokatzea, trantsizioan pentsaera gehienek xede berberak baitzituzten–, egunkari kontserbadoreek xehetasun handiegirik gabe aipatu zuten zinema feministari buruzko saila.  

Haatik, eta harrigarria izanik ere, jatorri frankista zuten zenbait komunikabidek –hala nola La Voz de España egunkariak– zikloan jasotako errealizadoreetako batzuk elkarrizketatu zituzten, hala nola Cecilia Bartolomé, Espainiako Estatuan zuzendari gisa diplomatu ziren lehenengo hiru emakumeetako bat.[8] Almudena Santos kazetariak egin zion elkarrizketa, eta emakumeek zinema-zuzendari gisa duten eginkizunari eta emakumeen filmak emateko gune feministei –aztergai dugun zikloaren modukoei– buruzko galderak egin zizkion: 

Almudena Santos [AS]: Zenbat emakume espainiar aritzen dira filmak zuzentzen?  

Cecilia Bartolomé [CB]: Ez dakit, emakumeek zuzendutako pelikula batzuk ez baitira ohiko kanaletatik banatzen. Eta hor sartzen dira emakumeen filmak komertzialki ematen dituzten multinazionalak. Beste kanal marjinal batzuetan, emakume ugari daude, zuzendari ezezagunak, eta Auzo Elkarteetan, auzoetan eta abarretan banatzen dituztenak auren lanak. Horregatik, ezinezkoa da kopuru jakinik ematea, ezta gutxi gorabeherakoa ere. 

AS: Zer deritzozu «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» sailari? 

CB: Oso interesgarria iruditzen zait alde batetik, baina bestetik uste dut nolabaiteko marjinazioa dakarrela, zeren, adibidez, Vámonos, BárbaraSortzaile Berriak sailean eman beharko litzateke, nire lehen film luzea izaki. Nire aburuz, halaber, «Sortzaile Berriak», «Zinea kultura nazionalaren adierazpide gisa» eta «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» sailak baztertu egiten dituzte, nolabait, komunikabideek. Topaketak, alabaina, oso efektu positiboa duela iruditzen zait, emakumeek zineman egiten dutena ezagutzera ematen baitu, nola Espainian, hala atzerrian.[9]

P.1978.DSS-E-L prentsaren txostena, Donostia Zinemaldiaren Artxiboa

Argi dago pieza honek zinema feministari buruzko saila goraipatzeko jomuga duela, emakumezko zinemagileek elkarrekin harremanak izateko eta elkar topatzeko gune bat sortzen zuelako ez ezik, emakume errealizadore horietako batzuek beren lanak erakusteko leku bakarra zelako ere bai. 

Molde kontserbadoreko beste hedabide batzuek –hala nola El Diario Vasco egunkariak–, euren ildo editorialaren aurkakotzat jo zitezkeen informazioak argitaratu zituzten. 1978ko irailaren 10ean egunkariak albiste bat argitaratu zuen, zehaztasunez eta kazetaritza-hizkera neutroa baliatuta, Donostiako Emakumeen Batzarrak zikloa aurkezteko emandako prentsaurrekoaren berri emateko.[10] Alabaina, bost egun geroago, egunkaria iseka egiten hasi eta zikloan bildutako emakume zinemagileei lezioak ematen saiatuko zen, Alfonso Sánchez zinema-kritikariaren «A la rueda, rueda» artikuluarekin: 

Txor-txor-txor, emakumeek esaten dutena. Emakumeek ez dute zinema hau edo hura egin behar, zinema ona egin behar dute. […] Cecilia Bartolomék, neskatxa xalo horrek, honako hau esaten du: «Espainian oraindik exotikoa da emakume batek zinema zuzentzea». Bada, denbora izan dute horretara ohitzeko. 1931n, Rosario Pi izeneko emakume batek film bat zuzendu zuen: El gato montés.[11]  

Komunikabide batzuek, gainera, Donostia Zinemaldiko zinema feministaren saila pentsaera aurrerakoiaren joeran kokatu zuten. Horren adibide on bat Diario 16 izan zen, Trantsizioaren sinbolo bat, non Sol Fuertes kazetaria zikloari estaldura ematen aritu baitzen, hainbat atalekin, hala nola «ghetto zoragarri bat» izenekoa, zikloari buruz egindako salaketa batzuei –ikusi ditugunei– erantzunez.[12] 

Komunikabide jakin batzuek, ordea, ez zuten hitz onik esan sailari buruz; horren adibide izan zen Triunfo, erregimenaren aurkako asteroko aldizkari bat. Sail honi eskainitako artikuluetako batean, Diego Galánek hau adierazi zuen: «zikloetan sailkatzeak beti dakar pelikulak behartzea».[13]Komunikabide aurrerakoi gehienak ez baziren ere agertzen feminismoaren idealen aurka, sailaren antolaketa segregaziorako gune gisa kritikatu zuten, kontuan hartu gabe halako sailik gabe zikloaren parte izandako emakume zuzendariek ez zutela aukerarik izango euren lanak Donostia Zinemaldian erakusteko.  

Ezker abertzaleari lotutako Egin egunkariaren kasuan, prentsa kontserbadorean gertatzen den bezala, zinema feministaren atala ikuspegi positibo zein negatibotik erretratatzen zuten artikuluak argitaratu zituzten. Topaketa hori aipatu zen gehienetan, Egin egunkaria topaketa bera sortzearen alde agertu zen, eta ez zion mugimendu feministari buruzko ezein akusazio negatibori eutsi. Zinemaldiak kritika horiei emandako erantzuna ere argitaratu zuen egunkari horrek:  

Urte horretan, emakumeen zinema derrigorrean eraso beharreko gaia izan zen askorentzat. Gehien-gehienek esan zuten ideia separatista, ghettoa, zirkulu itxia eta erabat absurdua zela. Beste batzuentzat, berriz, emakumeen zinemari buruzko atal bat sortzeko erabakia guztiz ulergarria zen (izan ere, ez zen harritzekoa); hala, bestelako atal batzuk arazorik gabe onartzen baziren, erabat normala zen emakume zuzendariei eskainitako sail bat existitzea. [«Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa»] sailak interesa piztu zuen, eta ikus-entzuleak film luzeen emanaldietara eta programatutako prentsaurrekoetara joan ziren […] zinemaren munduan sartutako emakumeek zinemari buruz zuten iritzi orokorra azaldu zuten, eta emakumearen arazo espezifikoek izan zitzaketen askotariko ikuspegiak azaldu zituzten. Beraz, emakumeen zinema, hasiera batean hainbat pertsonarentzat gogaikarria zen hori, atal duin batean (beste edozein bezain duina) geratu zen, berariazko arazo zehatz batzuekin.[14]

Kritika guztiak ikusirik, Zinemaldiak berak emakumeek zuzendutako zinemari buruzko sailaren alde egindako defentsa ere jaso zuen Eginek. Mariano Larrandiak prentsaurreko batean azaldu zuenez, «hain zuzen, emakume donostiarren talde batek halako ziklo bat eskatzen zuen […] eta nazioarteko zinema-jaialdi askok, preseski, halako zikloak sartu izan dituzte euren programazioetan».[15]

Amaitzeko, nabarmentzekoa da «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» ekimen urratzailea izan zela, garai hartako aldaketa sozial eta politikoen ondorioa. Prentsan islatutako erreakzio haiek ulertzeak garai hartako gizartea eta asaldura interpretatzeko ere balio digu. Komunikabideek ziklo feministari buruz egindako balorazioak hiru motatakoak izan ziren: sailaren aurka agertu zirenak, emakumeek egindako zinema interesgarritzat jotzen baina zikloa gune diskriminatzailea zela uste zutenak, eta saila beharrezko gune gisa defendatu eta laguntza osoa eman ziotenak. Beharbada harrigarria bada ere, nola egunkari kontserbadoreak hala aurrerakoiak hiru ildo ideologiko horietan agertu ziren. Ez zen egon, espero zitekeen bezala, jarrera ideologiko argirik hedabide bakoitzaren joeraren arabera, baizik eta ideien nahasketa izan zen nagusi, aipatu dugun irekitasun- eta haustura-giroaren ondorioz.  

Hurrengo urtean, 1979an, Donostiako Emakumeen Batzarrak zikloarekin jarraitzea proposatu zuen, baina Donostia Zinemaldiak funtsik ez zuela argudiatu zuen. Litekeena da sailari jarraipena ez emateak sailaren ahanztura eragitea, diktaduraren osteko lehen erakusketa feminista publiko eta instituzionala izan bazen ere, bai Euskadin, bai Espainiako Estatuan, eta hedapen mediatiko handikoa, gainera.

«Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» ekimenaren bidez, Donostiako Emakumeen Batzarrak feminismoa zabaltzen lagundu zuen, eta halako kultura-adierazpen feministetarako sarbidea izateko aukerabiderik ez zuten ikus-entzuleengana hurbildu zen. Kulturak botere politiko gisa duen rolaren adierazgarri da hori; izan ere, zikloak gizartean eztabaidatzen hasi ziren gaiak jarri zituen mahai gainean, hala nola abortatzeko, dibortziatzeko edo lan egiteko emakumeen eskubidea, eta, jakina, emakumeak pantaila barruan zein kanpoan izan beharko lukeen rola. 

Oso ezaguna ez den esperientzia hori lehen planora itzultzea da praktika artistiko horrek eta beste praktika feminista batzuek kulturaren eta, bereziki, zinema-esparruan luzaroan jasan duten ikusezintasunari aurre egiteko modua. Espero dugu proiektu aitzindari hori berreskuratzeko eta haren balioa onartzeko urrats bat gehiago izatea. 

[1] 1977an Donostiako Emakumeen Batzarra sortu zuten militante feministak ezker antifrankistari lotuta zeuden, eta beste elkarte batzuetan ere parte hartzen zuten, hala nola auzo-elkarteetan, oso gune garrantzitsuak izaki trantsizioaren garaian. Ezinbestekoa da mugimendu feministan parte hartzeari buruz argitaratu duten liburua: DIEZ MINTEGUI, Carmen, GARMENDIA ETCHENIQUE, Miren eta GOROSPE PASCUAL, Crónica de los primeros años del movimiento feminista en Donostia (1976-1982), autoedizioa, Donostia, 2022.

[2] Ikerketa 2018an hasi zen, egilea Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) Komisariotza Zinematografikoa eta Ikus-entzunezkoa izeneko berezko masterra egiten ari zenean, eta  Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikertaldeko lehen ekipoan sartu zen. Zinemaldiaren prentsa-artxiboan egindako azterlanaren ondorioz, ikertzaileak «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» sailaren lehen hurbilketa bat aurkeztu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Komunikazioko master-amaierako lanean: SABATÉ-BARRIERAS, Neus: De la asamblea a la pantalla: un acercamiento al primer Ciclo de Cine Dirigido por Mujeres del Festival de San Sebastián de 1978 [master-amaierako lana], Euskal Herriko Unibertsitatea, 2021. Gaur egun, AGAUR agentziak finantzatutako ikerketa horretan (2022 FI_B 00131) lan egiten jarraitzen du egileak Rovira i Virgili Unibertsitateko Komunikazio Ikasketen Departamentuan; irakasle gisa ere badihardu ikastetxe nagusi horretan.

[3] TORRES, Maruja: «San Sebastián 78: Un sabor a ceniza», in Fotogramas, 1978ko irailaren 29a. Kazetariak «infernuko hirukotea» aipatu zuen, Zinemaldiko Hautespen Batzordeko hiru zuzendariei buruz mintzatzeko: Nestor Basterretxea, Rafael Modrego eta Mariano Larrandia.

[4] HIDALGO, Manuel eta HERNÁNDEZ LES, Juan: «El segundo año de la Transición», in Cinema 2002, 1978ko azaroa.

[5] LARRONDO, Ainara: «La representación pública del movimiento de liberación de la mujer en la prensa diaria española (1975-1979)», in Historia Contemporánea 39 (2010), 627.-655. or.

[6] «Emakumeek zuzendutako zinema-zikloa» sailean Márta Mészárosen bi film luze emateaz gain, Sail Ofizialean lehiatu zen zinemagilea Olyan mint otthon / Just Like at Home (1978) filmarekin, are Zilarrezko Maskorra irabazi ere.

[7] HIDALGO, Manuel eta HERNÁNDEZ LES, Juan: «El segundo año de la Transición», in Cinema 2002, 1978ko azaroa. 

[8] Cecilia Bartolomé, Pilar Miró eta Josefina Molina izan ziren Zinematografia Eskola Ofizialeko zuzendaritzan diplomatutako lehen hiru emakumeak. Erakunde horri buruzko informazio gehiago izateko, artikulu hauek gomendatzen dira: GARCÍA LÓPEZ, Sonia: «Miradas invisibles: mujeres en la Escuela Oficial de Cinematografía (1947-1976)», inJournal of Spanish Cultural Studies, 22:3 (2021), 311.-329. or., eta DELTELL ESCOLAR, Luis: «La mujer como sujeto: Josefina Molina en la escuela oficial de cine» in UNED Revista Signa 24 (2015), 293.-306. or.

[9] SANTOS, Almudena: «Cecilia Bartolomé: ‘En España todavía es exótico que una mujer dirija cine’», in La voz de España, 1978ko irailaren 14a.

[10] «Cine realizado por mujeres. Se desea ofrecer traducción simultánea». in El Diario Vasco, 1978ko irailaren 10a.

[11] SÁNCHEZ, Alfonso: «A la rueda, rueda», in El Diario Vasco, 1978ko irailaren 15a.

[12] FUERTES, Sol: «Cecilia Bartolomé: ‘Tengo obsesión por la lógica’», in Diario 16, 1978ko urriaren 31.

[13] GALÁN, Diego: «Un festival discutido», in Triunfo, 1978ko irailaren 23a. Geroago –zehazki, 1986-1989an eta 1995-2000n–, Diego Galán Donostia Zinemaldiko zuzendaria izan zen.

[14] IDOATE, Asun eta SANZ, Iosu: «Preocupa el próximo Festival de San Sebastián», in Egin, 1978ko irailaren 22a.

[15] «Ayer tuvo lugar una rueda de prensa del Comité Rector del Festival de Cine», in Egin, 1978ko irailaren 7a. Arestian jada aipatu dugun bezala, Mariano Larrandia Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko hiru zuzendarietako bat zen. Adierazpen horiek aztertuta, pentsatzekoa da Zinemaldiak jada bazekiela nazioarteko beste jaialdi batzuetan programazio feminista zuten guneak antolatzen zirela.