Deaialdiak

José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-bekak

Zinemaldiko Prentsa-bulegoaren barnekaldea, erredakzio-gelan. (Fotocar, 1978) Donostia Zinemaldiaren Artxiboa [+]

Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak, Artxiboaren ikerketa sustatzeko eta Gipuzkoan eta Estatuan ikerketa zinematografikoaren garapena bermatzeko helburuarekin,  José Ángel Herrero-Velarde ikerketa beken programaren laugarren ediziorako deialdia egiten dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Donostiako Sustapenaren laguntzari esker. Arteen eta humanitateen alorrean ikerketa-eremu askok diru-laguntzarik ez dutela jakinda, programak hiru beka eskaintzen dizkie Euskal Autonomia Erkidegoan zein Estatuan bizi diren edo jaio diren ikertzaileei, argitaratu gabeko eta, batez ere, Zinemaldiaren memoria materialean oinarrituriko hiru artikulu akademiko egin ditzaten.

1. Programaren xedea

Donostia Zinemaldiak (aurrerantzean, Zinemaldia) eta Elías Querejeta Zine Eskolak (aurrerantzean, EQZE) hautaketa-prozesu baterako deialdia egin dute. Prozesu horren bidez, hiru (3) beka emango dira, Zinemaldiaren artxiboan gordetako arrasto materialaren bidez Estatuko eta nazioarteko zinematografia ezagutzen lagunduko duten ikerlanen garapena sustatzeko eta laguntzeko.

Hautatutako proiektuek guztiz originalak izan beharko dute.

2. Norentzat da programa?

Programa, esparru akademikoko eta/edo profesionaleko adin nagusiko pertsona fisikoei zuzenduta dago soilik. Izen-ematea hurrengo bi sarbideetako baten bidez egingo da:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileak edo Euskal Autonomia Erkidegoko ohiko egoiliarrak, gutxienez azken bi (2) urteetatik
  • Espainiako ikertzaileak edo Espainiako estatuko ohiko egoiliarrak, gutxienez azken bi (2) urteetatik

Pertsona horiek Zinemaldiaren artxibo historikoarekin lotutako ikerketa-proiektuak aurkeztu beharko dituzte.

Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte bai ikertzaile independenteek zein unibertsitateei, ikerketa-zentroei edo ikus-entzunezko sektoreko beste erakunde publiko zein pribatuei atxikita dauden ikertzaileek.

Eskatzaileak aurrerago adieraziko diren moduan eta epeetan hautatuko ditu Batzorde batek. Batzorde hori Zinemaldiko eta EQZEko kideek osatuko dute, eta oinarri hauek betetzen direla eta proiektuak egokiak direla bermatuko du.

3. Beken diru-kopurua eta Proiektuen iraupena

Programa honen xede diren hiru (3) beketako bakoitzak 3.000 € (hiru mila euro) dakartza berekin. Kopuru hori gordina da, eta, beraz, murriztu egingo da indarrean dagoen legeria aplikagarriak ezartzen dituen zerga eta atxikipenengatik. Ikertzaileari egutegi honen arabera emango zaio:

  • Ehuneko berrogeita hamar (% 50), hau da, mila eta bostehun euro (1.500 €), laguntzaren onuradun izateko hautatua izan ondoren.
  • Gainerako ehuneko berrogeita hamarra (% 50), hau da, mila eta bostehun euro (1.500 €) proiektua amaitu eta entregatzerakoan.

Artxibora sartzeko edukiko dituzten bi (2) asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Gainera, programak Gipuzkoan bizi ez diren onuradunen bidaia eta ostatatzea bermatuko ditu.

Tabakalera eraikineko egonaldiaren fasean, non Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak dauden, Interneterako konexioa duen lanerako eta kontsultarako gune bat eskainiko da Euskadiko Filmategiaren liburutegian. Gainera, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko instalazio, baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako edo eskola magistraletarako.

Proiektuak gehienez ere zortzi (8) hilabeteko epean amaitu beharko dira, beka lortu duten proiektuak hautatzen diren egunetik zenbatzen hasita. Nolanahi ere, ikerketak hala eskatzen duenean, ikertzaileak luzapena eskatu ahal izango dio Zinemaldiari, eta epea luzatzea justifikatzen duten xehetasunak azaldu beharko dizkio. Luzapena, nahitaez, jatorrizko entrega-data baino 30 egun lehenago eskatu behar da. Onartzen badiote, luzapen hori ezin izango da bi (2) hilabetetik gorakoa izan.

4. Ikertzaileen hautaketa-prozesua

Zinemaldiak 2026ko martxoaren 2an argitaratuko ditu programaren deialdia eta oinarriak. Martxoaren 6an hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2026ko apirilaren 20a arte egongo da zabalik, 23:59 arte (GMT+1).

Eskabideak aurkezteko epean, proiektuak proposatu eta, beraz, beka lortu nahi duten guztiek, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Nortasunaren akreditazioa: NANaren, AIZaren, pasaportearen edo nortasun-agiri nazional baliokidearen fotokopia. Euskal Autonomia Erkidegoko sarbidea erabiltzen duten pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak ez badira, errolda-ziurtagiria edo azken bi (2) urteetatik gutxienez ohiko bizilekua dutela egiaztatzen duen agiri ofizial baliokide bat aurkeztu beharko dute. Modu berean, Estatu mailako sarbidea erabiltzen duten pertsonek, jaiotzez Espainiako Estatukoak ez izatekotan, errolda-ziurtagiria edo azken bi (2) urteetatik gutxienez ohiko bizilekua dela egiaztatzen duen agiri ofizial baliokide bat aurkeztu beharko dute.
  • Proiektuaren aurkezpena; honek gutxienez hiru (3) orrialde eta gehienez bost (5) izango ditu. Bertan, ikerketaren gaia eta xedea jasoko dira, bai eta erabili nahi diren metodologia eta iturriak ere.
  • Intentzio-gutuna, gehienez ere hiru (3) orrialdekoa. Bertan, ikerketaren arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira, bai eta ikerketa egiteko zenbatetsitako denbora edo kronograma ere.
  • Ikertzailearen curriculum vitaea eta biografia akademikoa.
  • Halakorik izanez gero, unibertsitate, ikerketa-zentro edo erakunde batera atxikita dagoen ikertzaile bat izatea egiaztatzen duen ziurtagiria.
  • Programa honetako laguntza ez bada proiektuaren finantzaketa-iturri bakarra, dokumentu bat erantsi beharko da, jasotzen ari den beste edozein laguntzaren, ekarpenen edo dirulaguntzaren identifikazioari eta zenbatekoari buruzko datu guztiekin.

Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, formularioak eta gainerako dokumentu gehigarriak barne. Horretarako, online bidezko formularioa bete beharko da, Zinemaldiaren artxiboaren web-orriko plataformaren bidez: https://artxiboa.sansebastianfestival.com/eu/jose-angel-herrero-velarde-ikerketa-bekak/ Eskatzaileek, edozein kontsulta edo zalantza izanez gero, helbide elektroniko honetara idatzi ahal izango dute: artxiboa@sansebastianfestival.com

Programa honetako laguntza ez bada proiektuaren finantzaketa-iturri bakarra, eskabidean berariaz adierazi beharko dira jasotzen ari den beste edozein laguntzaren, ekarpenen edo dirulaguntzaren identifikazioari eta zenbatekoari buruzko datu guztiak, izan pribatua edo publikoa.

Hautatutako hiru proiektuak zein izan diren maiatzean jakinaraziko da, eta egonaldia uztailaren 13tik 24ra egingo da. Esleipenaz geroztik, hautatutako pertsonek astebeteko epea izango dute beka onartzeko.

5. Artxiboa Batzordea

Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen Batzordea paritarioa izango da, eta Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako bost (5) profesional eta kidek osatuko dute:

  • José Luis Rebordinos (SSIFF)
  • Maialen Beloki Berasategui (SSIFF)
  • Irati Crespo (SSIFF)
  • Carlos Muguiro (EQZE)
  • Carolina Cappa (EQZE)

Batzordeak hautagaiak elkarrizketatzeko eskubidea izango du hautaketa-prozesuan zehar, informazio gehigarria lortzeko.

Batzordeak erreserba-zerrenda bat osatuko du gainerako eskatzaileekin, eta horiek egonaldia lortu ahal izango dute hasieran hautatutako eskatzaileek hautagaitza bertan behera utzi dutela jakinarazten badute.

6. Proiektuen garapena eta aurkezpena

Proiektua amaitzeko, ikerlan bat entregatu beharko da, euskaraz edo gaztelaniaz. Lanak originala, berria eta programaren esparruan garatutakoa izan beharko du, hau da, ez da onartuko ezein argitaletxe, argitalpen, erakunde, sari edo lehiaketetara zabaldua edo bidalia izan den lanik, ez osorik ez zati batean, ez eta aurretik esparru akademikoan ebaluatzeko sortua izan denik ere. Lan horiek 6.000 eta 8.000 hitz artekoak izan beharko dute, estandar akademiko guztiak bete beharko dituzte (iturrien aipamena eta erreferentzia) eta zinema-ikasketen arloan espezializatutako literatura ezagutzen dutela frogatu beharko dute.

Idatzi horiek estatuko nahiz nazioarteko zinematografiari ekarpen teorikoa egin beharko diote ezinbestean, ikuspuntu historikotik, estetikotik edo linguistikotik, eta gai librekoak izango dira. Ikerketak, nagusiki, Zinemaldiko artxiboan gordetzen diren materialean oinarritu beharko dira, baina ez dute zertan horretara mugatu.

Idatzizko osagai hori nahitaez entregatu behar da, nahiz eta emaitzak argitaratzeko beste formatu batzuekin bateragarria izango den (hitzaldiak, kongresuetako komunikazioak, etab.).

7. Onuradunen betebeharrak

Onuradunek honako konpromiso hauek hartu beharko dituzte:

  1. Proiektuak oinarri hauetan aurreikusitako epeetan garatzea eta proiektua amaitzean egindako lana justifikatzeko memoria entregatzea. Entrega aurreikusitako datan egiten ez bada (luzapena barne), ez da diru-horniduraren bigarren zatia ordainduko.
  2. Zinemaldiak eta EQZEk argitaraturiko bilduma bat jarri dute abian, beken emaitzak argitaratu eta eskuragarri jartzeko. Esparru akademikoetan emaitzak argitaratzea babesten duen esklusibotasun-epearen ondoren, programaren hasierako gordailuan aurkeztutako lana egokitzeko eskatu ahal izango zaie onuradunei, argitalpen horretan sartzeko.
  3. Zinemaldiaren eskura jartzea beren prestakuntzari eta/edo ibilbideari buruz eskatzen zaien eta/edo parte hartzeko eskabidean adierazitako edozein merezimendu edo egoera egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio oro.
  4. Proiektuak, formatu guztietan, «Jose Ángel Herrero-Velarde» beka-programaren esparruan egin direla aipatzea, programaren eta/edo Zinemaldiaren logotipo ofiziala gehitzea, eta proiektua Zinemaldiaren laguntzarekin eta finantzaketarekin garatu zela adieraztea.

8. Ustiapen-eskubideak

Zinemaldia proiektuak ustiatzen ahaleginduko da, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari ospetsuen arteko bitartekari gisa jardungo du. Ikerketa horiek aintzat hartu ahal izango ditu ere ikerketa beken programak izango duen, eta Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak koeditatuko duten, etorkizuneko emaitzen bildumaren Argitalpen Batzordeak.

Horretarako, Zinemaldiak irabazten duten proiektuen ustiapen-eskubideak baliatu ahal izango ditu, eta hori ez da oztopo izango bekaren onuradunak aurkeztutako lana erabili ahal izateko, berariaz hala eskatzen badu.

9. Oinarriak onartzea

Oinarri horiek bere osotasunean onartzen direla ulertuko da programan parte hartzeko eskabidea bidaltzean.

Eskabideak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 6tik 2026ko apirilaren 20ra arte egongo da zabalik, 23:59ak arte (GMT+1).