Zinemaldia marraztea 

Donostia Zinemaldiko I. Kartel Lehiaketa (1960)

1959ko abenduko egoera politiko, kultural eta instituzional berezian, Donostia Zinemaldiak lehen kartel lehiaketa publikoa deitu zuen 1960ko uztailean egitekoa zen zortzigarren ediziorako. Erakusketa honek jaialdiaren ekimen aitzindari ezezagunaren berri eman nahi du, parte hartu zuten zirriborroen bidez, materialetarako hurbilketa proposatuz eta lehiaketaren nondik norakoak erakutsiz.

1957an Zinemaldiko zuzendari izendatu zutenetik, Antonio Zulueta Bessonen figurak estatuko esfera politikoan oihartzuna zuten zenbait barne-tentsio islatu zituen. Frankoren erregimenak Gerra Zibilaren amaieratik indarrean zegoen sistema autarkikoa irekitasunaren aldeko bidea markatu zuen gobernu teknokratarekin ordezten zuen bitartean, Zinemaldia nazioarteko eszenan birkokatu zen urte horretako udaberrian FIAPFen kategoria gorena lortu eta gero. Hala, eraldaketa frankistaren erakusleiho bihurtu zen. Zulueta Bessonen agindupean, Zinemaldia lehen aldiz Ekialdeko zinemetara zabaldu zen, estatuko Zinematografiako Eskolen I. Jardunaldiak antolatu zituen eta Ameriketako askotariko ekoizpenak jaso zituen, MPEAArekin sinatutako akordioei esker. Kartel-lehiaketa irekitze kontrolatu horren katebegitzat hartu behar da, itxuraz demokratizatzailea zen ekimentzat, ordura arte elite txiki bati zuzentzen zitzaion zinema-jaialdi batean.

Lehiaketaren berri emateko, Donostia Zinemaldiak oinarriak argitaratuta zituen eta gonbidapenak bidali zizkien erakunde eta elkarte artistikoei. Lehen edizioan, 50etik gora kartel-zirriborro jaso zituen, herrialde osoko artistenak. Diseinuen teknikarik ohikoenak collagea, gouachea, akrilikoa, akuarela eta argizaria izan ziren. Bozetoei arretaz erreparatuz gero, aukera dago errepikatzen diren motiboak ikusteko: pelikula fotokimikoa, maskorraren ikurra, tresna teknologikoak (kamerak eta fokuak, esaterako), ikusleen irudiak eta Kontxako hondartzaren ikuspegi zenitalak.

Parte hartu zuten proposamenen artean nabarmentzekoa da Pascuala Campos Michelena gazteak bidali zuena “Albastros” lemapean. Marrazkian, emakumezko baten aurpegia ageri da, begiak infinituan jarrita dituena, zeinaren silueta pintzelkada beltzez eta trazu horiz, urdinez eta gorri ilunez osatu baita. Pascuala Campos, lehiaketako emakumezko partaide bakarrenetako bat, arkitekturaren eta Galiziako militantzia feministaren funtsezko figura izan zen gerora, baita Espainian proiektu-katedra bat lortu zuen lehen emakumea ere, Espacio y Género lanari esker.

Lehiaketa itxuraz harmoniatsua izan bazen ere, irabazlearen hautaketak zalantzan jarri zituen ekimenaren hasierako asmoak. Epaimahaia lehiaketaren antolakuntzatik kanpo zeuden artistek osatu zuten, eta “Cinta azul” aukeratu zuten garaile, Grupo 13 kolektiboko sortzaile eta diseinatzaile Fermín Hernández Garbayorena. Proposamenean, gizonezko baten aurpegiz karikaturizatutako pelikula-zati batek maskor txiki bati begiratzen dio. Diseinu irabazlea jakinarazi ondoren, Zinemaldiak zenbait komunikaziotan egileari eskatu zion zirriborroa “moderniza” zezala lehiaketaren kartel ofiziala sortzeko. Garbayok jatorrizko marrazkiaren sei bertsio ere bidali zituen. Aurpegia profilatu zuen, irribarrea jarri zion, bertsio batetik bestera koloreen eboluzioa gertatu zen, baina halako batean posta-trukea eten egin zen. Aldaketak egin zizkien arren, bertsio horietako bat ere ez zuten erabili edizio horretako kartel ofizialean. Izan ere, Zinemaldiak Fernando Boronati berariaz eskatutakoa baliatu zuen.

Hurrengo urtean, Zulueta Bessonek Zinemaldiaren zuzendaritza utzi ostean, jaialdiko Batzorde Exekutiboak erabaki zuen gutxienez bederatzigarren edizioan kartel-lehiaketarik ez egitea. Zenbait urte eta gero berriz antolatu zuten arren, 1960ko lehen kartel-lehiaketa horrek agerian jarri zituen kontrolatzera behartuta zegoen Zinemaldiaren barne-tentsioak.

Komisariotza eta katalogazioa: Matías Fajn eta Laura Alhach.
Ikerketa koordinazioa: Irati Crespo.

Erakusgai jarritako materialak 2022an aurkitu ziren, eta Artxiboaren taldeak egindako kontserbazio-, katalogazio- eta digitalizazio-lanei esker gizarteratu daitezke.