Antolatzaileak
Laguntzailea
Babeslea
Jose Val del Omarrek Donostia Zinemaldiarekin izandako harremanaren gutun testigantza (1958-1959)
1958ko ekainaren 6an, Antonio de Zuluetak –Donostia Zinemaldiko zuzendariak– José Val del Omar asmatzaile eta zinemagileari idatzi zion. Gutunetik ondorioztatzen denez, urte bereko Cannesko zinema-jaialdian ezagutu zuten elkar, eta han, Aguaespejo Granadino (La gran Siguiriya) (José Val del Omar, 1951-1954) lanaren emanaldi batera joan ondoren, Zuluetari zera iruditu zitzaion, ezohiko pieza horren sortzailea zela, ezbairik gabe, bere jaialdian zinema esperimentaleko saio batzuk antolatzen laguntzeko behar zuen pertsona. Hortik aurrera, gutun-elkartrukeko harreman bat hasi zen (erakusketa honetan, hain justu, harreman hori jasotzen da), eta harreman horren ondorioz eratuko ziren, azken batean, asmatzaile granadarrak Donostia Zinemaldiarekin gauzatuko zituen bi lankidetzak. Lankidetza horiek, azkenean, bi jardunaldiren forma hartuko zuten (lehena 1958an eta bigarrena 1959an). Jardunaldi horietan, «Aurrerapen teknikoaren informazioa» izenburu orokorrarekin, berrikuntza teknologikoek esperimentazio zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren esparruan eskaintzen zituzten aukerei buruz hausnartzen zen.
Espainiako zinemaren historian Val del Omar funtsezko figura bihurtzen duena bere zinemagile-alderdia bada ere –izan ere, bere Tríptico Elemental de España zinema espainiar esperimentalaren gailurretako bat da–, gogorarazi beharrekoa da Fuego en Castilla (Tactilvisión del páramo del espanto) filmaren zuzendariak (José Val del Omar, 1957-1959) askotariko berrikuntza teknologikoak garatzen eman zuela denbora gehiena (oso baliabide eskasekin eta bakar-bakarrik, gainera). Izan ere, Val del Omarren jardunbide zinematografikoa ez dugu ondo ulertuko baldin eta ahazten badugu bere filmak, hein handi batean, bere asmakizun eta patenteen aplikazio zehatzak direla. Antonio de Zuluetak eta Val del Omarrek elkarri bidali zizkieten gutunetan argi ikusten da Val del Omarren kezkak batez ere teknologikoak zirela. Horregatik, hasiera batean zinema esperimentaleko saioak izan behar ziren horiek azkenean zinemagileak berak gutunetako batean «Val del Omar tekniken programa» gisa izendatu zuen zerbait bihurtu ziren. Bertan, emanaldiek (Aguaespejoren emanaldia bi edizioetan eta, beharbada –ez dago argi– 1959ko edizioan baita Fuego en Castilla lanaren zatiren baten emanaldia ere) hainbat esparrutan izandako berrikuntzak irudikatzeko balio zuten: soinua (Diafonia), argiaren eta erliebearen arteko loturak (Tactilvisión) eta film birjinaren aprobetxamendua (Bistandard sistema).
Ohartu berri garenez, Val del Omarrek autarkiaren Espainian bere ikerketak (nola zinematografikoak hala teknologikoak) gauzatzeko izan zituen kondizio gogorrak ere islatzen dituzte gutunek. Gerra amaitu zenetik berrogeita hamarreko hamarkadaren amaiera bitartean, zinema esperimentala ia ez zen existitzen Espainian. Zinema amateurraren mugimenduko lan batzuk bakarrik dira sartzekoak kategoria horretan, batez ere Katalunian, garai autarkikoan edo berrogeita hamarreko hamarkadan Ikerkuntza eta Esperientzia Zinematografikoen Institutuan (hezkuntza-erakunde horrek, bide batez, estaldura material eta ekonomikoa emango zien institutu horrek egilearen zenbait esperimenturi) egin ziren film laburretako zenbaitzuk. Baina bakar-bakarrik eta babesik gabe zegoelako irudipena ez zegokion soilik zinegile gisa aritzeari. Val del Omarrek, Genevatik bidali zion gutun batean, bere asmakizunek atzerrian harrera ona izan zutela azaldu zion zehatz-mehatz (eta egileari hainbeste gustatzen zitzaion prosa pseudomistiko eta pinpirin samarrez) Zuluetari, eta bere herrialdean ez zutela ulertzen kexatu zitzaion horren ondoren: «Uste dut irtenbide honek agerian utzi didala Jainkoak ikuspuntu onean jarri nauela. Eta, halaber, dena eman nahi nioke Espainiari, non, ondo dakizun bezala, bakar-bakarrik bainago». Edonola ere, gutunaren azken lerroetan, eta apur bat hunkituta nolabait, atzerrian aurkitu zituen mirari teknikoetako zenbaitzuk iruzkintzen zituen; finean, mirari horiexek ematen zioten bihotz ikerketaren bidetik jarduten jarraitzera kosta ahala kosta: «Automatismoen eta programatzaile elektronikoen erakusketa bat ikusi dut Parisen, eta hor ezagutu dut (sic) nola aztertzen duen garun elektroniko batek San Tomas Akinokoaren antolamendu mentala. Zein mundu harrigarria ari zaigun iristen. Nola sentitzen dudan tximinoa konplexutasunaren infinitura igotzen».
Sarrera testua: Asier Aranzubia (Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea)
Dokumentazioa eta katalogazioa: Artxiboa taldea, Edurne Arocena (Ereiten)